Atzo, asteazkena, Ashokako bi kide Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean egon ziren geurekin.
Ashokako kideek estatuan eta nazioartean garatzen ari diren proiektuen berri eman ziguten ikasleei, eta, gainera, bi erakundeen arteko lankidetza-aukerak aztertu zituzten.
“Mundu guztiak alda dezake mundua; mundu guztia izan daiteke aldaketen sustatzaile”. Horixe da Ashokaren filosofia. Horixe da Ashokaren filosofia. Nazioarteko erakunde horrek 30 urte baino gehiago daramatza gizarte-ekintzaileak identifikatzen eta babesten, mundua aldatzen eta gizartean ondorio positiboak ari direlako eragiten, euren ideia, ekintza eta proiektuen bidez. Jadanik 3.000 gizarte-ekintzailetik gora dituzte 70 herrialdetan baino gehiagotan. Erakundearen nazioarteko aitorpena erabatekoa izan da; horrela, 2011n, Bill Draytonek, Ashoka Gizarte Ekintzaileen sortzaile eta lehendakariak, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea saria eskuratu zuen.
“Mundu guztiak alda dezake mundua” ikuspegian oinarrituz, xede jakin bat lortu nahi dutela adierazi ziguten: “gizarteak arazo eta erronka sozialei azkar eta eraginkortasunez erantzutea eta pertsona guztiek behar sozialak konpontzeko askatasuna, konfiantza eta babesa izatea”. Halaber, gizartean berrikuntza eta aldatzeko nahia ere sustatu behar direla uste dute, pertsona bakoitzak aipatutako aldaketei ekiteko indarra eta ahalmena izan ditzan.
Bestalde, Ashokako ordezkariek erakundeko gazteentzako programa, Ashoka Changemakers Gazteak, eman ziguten ere ezagutzera. Gizarte-ekintzaile gazteei euren proiektuak abian jartzen laguntzeko sortu zuten. Changemakers sareak mundu osoko 20 bat herrialdetako 3.000 gazte inguru hartzen ditu barne. Gazte horiek guztiak aldaketa sozialak sustatzeko ekimenak gauzatzen ari dira jadanik. Programak aukera ugari eskaintzen dizkie gazte ekintzaileei: tailerrak, ekintza-planak garatzeko prestakuntza, ekinean hasteko kapitala eta laguntza eta babesa.
Erakundeko kideek gizarte-ekintzailetza izan zuten hizpide, eta “Everyone a Changemaker” kontzeptuan, Ashokak aldarrikatzen duen leloan, oinarritutako ekintzaile-sareko kideen adibideak aipatu zituzten gaurko hitzaldian. Programaren Espainiako ordezkaritzan, “Productora de Soluciones” taldea nabarmendu behar dugu.
Hona hemen Smash-eko kideak Josefina Garciarekin (Ashoka iberiaren sortzailea) solasean.